Sokatirako denboraldiari “aio!” erran diote Beti Gazteko tiralariek. Jakinen duzuen bezala, hiru talde dira Sokatira kirolean Beti Gazten lehiatzen aritzen direnak: gizonezkoen taldea, emakumezkoena eta mistoa.

Hurrengo lerrotan talde bakoitzaren denboraldiaren datuak azaltzen dizkizuegu!

GIZONEZKOEN TALDEA

Sokatirako gizonezkoen taldea, hurrengo bi kategorietan aritu da lanean denboraldi guztian zehar. 8koan, 8×8, 680, 640, 600 eta 560 Kg-ko mailetan. Eta 4koan, 4×4, 320 eta 300 kg-ko mailetan.

Lehendabizikoan, zortzi pertsonen artean ezin da kategoriako pisua pasa. Tiraldi aurretik, bi edo hiru ordu lehenago egiten da pisaketa.  Pisatutako pertsonak izterrean markatzen dira pisu barruan zein tiralarirekin sartzen diren jakiteko. Ez badira pisu horren barruan sartzen talde horrek ezingo du tiraldian parte hartu. Pisaketa eta tiraldi artean nahi adina jan edaten ahal da.

Behin tirada hasita aldaketa bat bakarrik egin daiteke eta momentuan pisatzen dira ordezko tiralaria eta tiradatik ateratzen dena, ordezkoa arinagoa izan behar baita.

Txapelketa ugaritan aritu dire lanean, askotan txapela irabaziz:

7 PROBINTZIAK

Irailean Saran jokatu zen 7 Probintziatako txapelketan Beti Gaztek Nafarroa ordezkatu zuen sokatira modalitatean (2016an Nafarroako 640 kg-ko txapelketa irabazteagatik) 640kg-ko mailan. Gizonezkoek hartu zuten parte eta tiraldi guztiak irabazi zituzten. Txapela lortu zuen Nafarroak (Beti Gaztek) sokatira modalitatean, baina txapelketa osotara Bizkaiak irabazi zuen, hiru puntu atzetik Nafarroa izanik.

NAFARROAKO 8-KO TXAPELKETA

Irailean, urrian eta azaroan lehiatu zuten gutxi gora behera.

640 kg: 2 jardunaldi eta bietan lehenbiziko postuan gelditu ziren, txapela irabaziz.

600 kg: bi jardunaldi eta bietan lehenbiziko postua lortu zuten, txapela irabaziz. Bigarren jardunaldia Lesakan jokatu zen eta bertan jarri zituzten bai gizonezkoen 600 kg-ko txapela eta bai mistoko txapela ere.

EUSKADIKO 4-KO TXAPELKETA

Azaroan eta abenduan jokatuak.

320 kg: ez zen parte hartu Nafarroako 600 kg-ko  txapelketarekin batera jokatu zelako.

300 kg: bi klasifikazioko jardunaldi eta bietan lehenengo postua lortu zen. Finala ere irabazi egin zen Kortezubin.

EUSKADIKO 8-KO TXAPELKETA

Urtarrila eta otsailean jokatuak.

680 kg: Laukizen jokatu zen jardunaldi bakarra. Ibarrak irabazi zuen eta Beti Gaztek 6. postua lortu zuen.

640 kg: bi klasifikazioko jardunaldia, bietan bigarren postua lortu zuten. Finala Idiazabalen irabazi zuten.

600 kg: bi klasifikazioko jardunaldi, batean bigarren postua eta bigarrenean lehenbizikoa. Finala Ibarran irabazi zuten.

560 kg: Laukizen jokatu zen jardunaldi bakarra. Gaztedik jarri zuen txapela eta Beti Gazte bigarren postuan gelditu zen.

NAFARROAKO 4-KO TXAPELKETA

Azkenekoz, apirila eta maiatzean jokatu zuten Nafarroako txapelketa hau.

320 kg: bi jardunaldi jokatu ziren eta bietan lehenengo postua lortu zuten. Bigarren jardunaldian, Lesakan jarri zuten txapela bai gizonek eta baita emakumeek ere beraien mailan.

300 kg: bi jardunaldi jokatu ziren eta bietan lehenbiziko postua lortu zuten.

 

EMAKUMEEN TALDEA

Sokatirako denboraldia 2017ko urrian hasi eta 2018ko maiatzean bukatu dute emakume taldekoek.

Emakumezkoen kasuan, Nafarroako 6x6ko Txapelketarekin eman zitzaion hasiera denboraldiari eta bertan hirugarren postuan bukatu zuten. Jarraian, Nafarroako 8x8ko Txapelketa mistoan hartu zuten parte lehenbiziko aldiz eta garaipena lortu zuten Lesakan bertan.

Euskadiko Txapelketan ere hartu dute parte aurtengoan.

4x4ko txapelketan bosgarren postuan bukatu dute; 8x8koan 540 kilotan laugarren eta 500 kilotan, berriz, seigarren.

Azkenik, Nafarroako 4x4ko Txapelketan bi talde aurkeztu ziren: 255 kilotan talde batek txapela eskuratu zuen eta bertzea hirugarren postuan gelditu zen.

235 kilotan, berriz, finala bi taldeen artean jokatu zen, batak txapela eskuratuz eta bertzeak bigarren postua.