Euskadiko Txapelketako 600 eta 640 kiloko finalak irabazi dituzte Beti Gazteko Sokatira Taldeko mutilek.

Martxoan Txinan jokatuko den Munduko txapelketan Euskadiko selekzioa ordezkatzeko eskubidea lortu dute honela lesakarrek, 640 nahiz 600 kiloko kategorian, baina diru-aferak direla eta, ezin izanen dute joan.

Horren arira, martxoaren 4ean Lesakan Beti Gazteko Ohorezko Erregionalak jokatutako partiduan omenaldi ttiki bat egin zitzaien sokatirako mutilei.

Sokatira taldeko kideak, Jose Luis Sunsundegi Beti Gazte elkarteko presidentearekin eta Oier Iantzi futbol taldeko kapitainarekin batera zelairatu ziren.  Zelai erdian, Euskadiko 640 eta 600 kiloko txapelak erakutsi zituzten eta lortutako diplomak eman zizkioten sokatira taldekoek presidenteari. 560 kiloko kategorian txapeldun orde izan dira Beti Gaztekoak.

Ohorezko sakea egin zuen taldeko Gerardo Telletxea tiralariak, hau lehenago futboleko jokalaria ere izandu zen eta.