Hementxe proposatu eta bozkatuko den Estatutuen testua.

BETI-GAZTE KIROL, JOLAS ETA KULTUR ELKARTEAREN ESTATUTUAK

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

 

1. artikulua. Aldaketa.

Sociedad Deportiva, Recreativa y Cultural Beti-Gazte Kirol, Jolas eta Kultur Elkartearen estatutuak aldatu dira, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoan eta hura garatzen duten xedapenetan ezarritakoari jarraituz (erregistro zk.: 917, 1982ko irailaren 10ean inskribatua). Sozietatea 1940ko abuztuaren 9an sortutakoaren jarraipena da. Sozietatea 1940ko abuztuaren 9an sortutakoaren segida da.

Elkarteak nortasun juridikoa du eta jarduteko gaitasun osoaren jabe da. Ez du irabazi-asmorik, eta bere jarduketan irizpide demokratikoak dira gidari, betiere aipatutako lege organiko horretan ezarritako mugen barrenean.

2. artikulua. Xedeak eta jarduerak.

1. Hona hemen elkartearen helburuak:

– Kirola sustatzea modalitate guztietan.

– Kultura-jarduerak sustatzea.

– Dantza-modalitate desberdinak erakustea.

– Kultura sustatzen bertze erakunde batzuekin elkarlanean aritzea.

– Ingurumena babestearekin zerikusia duten jarduerak sustatzea.

2. Xede horiek erdiesteko, honako jarduera hauek eginen dira:

– Kirol-jarduerak antolatzea eta horietan parte hartzea.

– Kultura-jarduerak antolatzea eta horietan parte hartzea.

– Ingurumenarekin lotutako jarduerak.

3. artikulua. Helbidea eta lurralde-eremua.

1. Elkartearen helbidea hau da: Lesaka, Beheko Plaza, 9, 1. solairua. P.K. 31770). Dena dela, bertze edozein tokitara eraman daiteke, elkartearen lurralde-eremuaren barrenean. Halakoetan, Elkarteen Erregistroan emanen da horren berri.

2. Batez ere honako lurralde-eremu honetan eginen du lan: Lesakako udalerrian eta Gipuzkoa eta Nafarroa probintzietan.

4. artikulua. Iraupena.

Elkartearen iraunaldia mugagabea da, harik eta estatutu hauen eta lege aplikagarrien arabera desegiten den arte.

II. KAPITULUA. BAZKIDEAK

5. artikulua. Bazkideak.

1. Elkarteko kide izaten ahalko dira elkartearen xedeak garatzeko interesa askatasunez eta borondatez agertzen duten pertsona fisiko eta juridiko guztiak. Bazkide izaera eskualdaezina da.

2. Zehazki, honako hauek izaten ahalko dira bazkide: 

a) Jarduteko gaitasuna duten eta eskubideaz baliatzeko legezko mugarik ez duten pertsona fisiko guztiak.

b) Hamalau urtetik gorako adingabeak emantzipatu gabeak, agiri bidez egiaztatzen badute badutela beren guraso, tutore edo gaitasuna ordezten dutenek emandako baimena.

c) Pertsona juridikoak, organo eskudunak aldez aurretik espresuki erabakia hartuta.

3. Elkartean sartu nahi duten bazkideek eskaera egin beharko diote, idatziz, Zuzendaritza Batzordeari, zeinak horren gaineko ebazpena emanen baitu egiten duen lehen bileran.

6. artikulua. Bazkide motak.

Elkartean bazkide mota hauek egonen dira:

a) Bazkide fundatzaileak, elkartea eratzeko ekitaldian parte hartzen dutenak, alegia.

b) Bazkide zenbakidunak, elkartea eratu ondoren sartzen direnak.

7. artikulua. Bazkide fundatzaileen eta zenbakidunen eskubideak 

Bazkide fundatzaileek eta zenbakidunek eskubide hauek izanen dituzte:

a) Elkarteak sustatzen dituen jarduera guztietan parte hartzea eta elkartearen lokalez baliatzea.

b) Batzar Orokorretarako deia jasotzea eta horietan parte hartzea, hitza eta botoa izanik, edo, bertzela, bertze bazkide batzuen esku uztea ahalmen hori.

c) Elkartearen zuzendaritza organoetan parte hartzea, eta horietarako hautesle eta hautagai izatea.

d) Estatutu hauen ale bat edukitzea eta, bidezkoa denean, baita Barne Araudiarena ere.

e) Elkartearen zuzendaritza organoek hartutako erabakien gaineko informazioa hartzea.

f) Akta eta kontu liburuak eskura izatea.

g) Elkartearen gobernu eta ordezkaritza organoen osaeraren berri jasotzea, baita kontuen egoeraren eta jardueren garapenaren berri ere.

h) Zuzendaritza Batzordearen erabakien kontrako errekurtsoak aurkeztea Batzar Orokorrean, eta Batzar Orokorraren erabakien kontrakoak legez dagozkien organo judizialetan. 

i) Eskaerak, proposamenak eta kexak aurkeztea elkartearen organoetan.

j) Bere kontrako diziplina neurriak hartu baino lehen, berari entzutea eta zigorra dakarten egintzei buruzko informazioa jasotzea. Zehapena dakarren erabakia arrazoitua izanen da.

k) Aplikatzekoa den araudian aitortutako beste edozein eskubide.

8. artikulua. Bazkide fundatzaileen eta zenbakidunen betebeharrak.

Bazkide fundatzaileek eta zenbakidunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Elkartearen helburuekin bat etortzea eta haiek lortzen laguntzea.

b) Diruz laguntzea, ezarritako kuotak eta diru-ekarpenak ordainduz.

c) Estatutu hauek eta elkarteko organoek hartutako erabaki baliodunak betetzea.

d) Elkarteko organoak eta gainerako kideak errespetatzea.

e) Zer kargutarako hautatu dituzten, haiei dagozkien eginkizunak eta betebeharrak betetzea.

f) Estatutuetako gainerako betebeharrak betetzea, bai eta aplikatu beharreko araudian ezarritako gainerako guztiak ere.

9. artikulua. Bazkide izateari uztea.

Honela utziko zaio bazkide izateari:

a) Interesdunak berak bere borondatez uko egiten badio, idatziz jakinaraziko zaio Zuzendaritza Batzordeari.

b) Zuzendaritza Batzordeak hala erabakitzen badu, estatutu hauetan edo aplikatu beharreko arauetan ezarritako betebeharrak ez betetzeagatik.

10. artikulua. Diziplinako prozedura.

1. Bazkideei zehapenak jartzen ahalko zaizkie estatutuetan edo arau aplikagarrietan ezarritako betebeharrak ez betetzeagatik, Barne Araudiari jarraikiz.

2. Edonola ere, Zuzendaritza Batzordearen erabakiz jarriko dira betebeharrak ez betetzeagatik ezarri beharreko zehapenak, interesdunari entzun ondotik. Interesdunak erabaki horren kontrako errekurtsoa jartzen ahal du egiten den lehen Batzar Orokorrean. 

3. Zehapenak bazkidea kanporatzea badakar, egiten den lehen Batzar Orokorrak berretsi beharko du erabakia.

III. KAPITULUA. ELKARTEAREN GOBERNU ETA ORDEZKARITZA ORGANOAK

11. artikulua. Elkartearen organoak.

Honako organo hauek arduratuko dira elkartea gobernatzeaz eta administratzeaz:

a) Bazkideen Batzar Orokorra, organo gorena izanen baita.

b) Zuzendaritza Batzordea, zuzendaritzako organo iraunkorra izanen baita.

12. artikulua. Batzar Orokorra

Batzar Orokorra bazkide guztiek osatzen dute, beren nahia adierazteko organoa da eta gehiengoaz edo barne demokraziaz hartzen ditu erabakiak.

13. artikulua. Batzar motak.

1. Batzar Orokorraren lehenbiziko bileran hautatuko dira Zuzendaritza Batzordeko lehendakaria, idazkaria eta gainerako kideak. 

Zuzendaritza Batzordeko lehendakaria eta idazkaria Batzar Orokorreko lehendakari eta idazkari ere izanen dira.

2. Batzar Orokorraren bilerak arruntak edo bereziak izanen dira.

a) Batzar Orokor Arrunta urtean behin eginen da gutxienez, ekitaldia itxi eta hurrengo hiru hilabeteko epean, aurrekontuak eta kontuak aztertu eta onesteko.

b) Batzar Orokor Bereziak eginen dira lehendakariak komenigarria dela irizten dionean, egoera dela-eta, edo Zuzendaritza Batzordeak erabakitzen duenean edo bazkideen hamarrenak idatziz proposatzen duenean.

14. artikulua. Deialdiak eta quoruma.

1. Idatziz eginen dira Batzar Orokorretarako deialdiak, biltzeko tokia, eguna eta ordua eta eguneko gai-zerrenda adierazita eta jorratuko diren gaiak banan-banan aipatuta. Deialdiaren eta Batzarra lehen deialdian egiteko finkaturiko egunaren artean hamabortz egun egon beharko dira gutxienez.

2. Batzar Orokorra lehen deialdian behar bezala eratutzat joko da bertara agertzen direnean lehendakaria eta idazkaria, edo haien ordezkoak, eta botoa emateko eskubidea duten bazkideen edo haien ordezkoen hirutik bat; eta, bigarren deialdian, lehenbizikoa egin eta handik ordu erdira, edozein delarik ere botoa emateko eskubidea duten bazkide bertaratuen kopurua.

15. artikulua. Bilerak eta erabakiak hartzeko prozedura.

1. Bilera bakoitzaren hasieran aurreko akta irakurriko da, onesteko edo gaitzesteko.

2. Lehendakariak zuzenduko ditu bilerak, eta gai-zerrendari jarraikiz eztabaidatu eta bozkatuko dira gaiak, eta ezin izanen da erabakirik hartu gai-zerrendan ageri ez diren gaiei buruz, ez bada Batzar Orokorra osatzen duten bazkide guztien aho bateko adostasunez.

3. Bertaratuen edo ordezkatutakoen gehiengo soilaz hartuko dira erabakiak, baiezko botoak ezezkoak baino gehiago direnean, eta ez dira kontatuko balio gabeko botoak, boto zuriak eta abstentzioak.

4. Dena dela, bertaratuen edo ordezkatutakoen gehiengo kualifikatua beharko da batzuetan, hau da, baiezko botoak erdiak baino gehiago izan beharko dira. Kasu hauetan, hain zuzen ere: 

a) Elkartea desegiteko.

b) Estatutuak aldatzeko.

c) Ondasunak erabili edo bertzerentzeko.

d) Zuzendaritza Batzordeko kideentzako ordainsariak erabakitzeko (elkartearen urteko kontuetan azaldu beharko dute).

16. artikulua. Batzar Orokorraren ahalmenak.

1. Hona hemen Batzar Orokorraren ahalmenak:

a) Zuzendaritza Batzordearen kudeaketa onestea, kasua bada.

b) Diru-sarreren eta gastuen urteko aurrekontuak eta jardueren urteko memoria aztertzea, eta horiek onetsi edo gaitzestea.

c) Elkarteari bere xedeak betetzea ahalbidetuko dioten jarduketa-lerro nagusiak ezartzea.

d) Elkartearen funtzionamendu demokratikoa bermatzeko neurriak oro xedatzea.

e) Kuota arruntak edo bereziak zehaztea, bai eta diru-ekarpenak ere, halakorik badago.

f) Zuzendaritza Batzordeko kideak hautatzea edo kargutik kentzea.

g) Zuzendaritza Batzordeak hartutako erabakiak berrestea, bazkideen onarpenari edo kanporatzeari dagokionez.

h) Federazioak eratzea eta federazioetan sartzea.

i) Onura publikoaren deklarazioa eskatzea.

j) Elkartea desegitea.

k) Estatutuak aldatzea.

l) Ondasunen gaineko erabakiak hartzea eta horiek bertzerentzea.

m) Zuzendaritza Batzordeko kideentzako ordainsariak erabakitzea (batzarrean onetsitako urteko kontuetan azaldu beharko dute).

n) Batzorde Likidatzailea izendatzea, kasua denean.

ñ) Zuzendaritza Batzordeak erabakitako zehapenen kontrako errekurtsoak ebaztea.

o) Barne Araudia onestea, kasua denean.

p) Aplikatu beharreko araudian ezarritako gainerako ahalmenak.

2. Dena dela, berariaz deitutako Batzar Orokorrean erabakiko dira bai estatutuen aldaketa –egoitzaren aldaketa izan ezik–, bai Elkartearen desegitea.

17. artikulua. Zuzendaritza Batzordearen osaera eta hautaketa.

1. Zuzendaritza Batzordeak elkartearen interesak kudeatzen, administratzen eta ordezkatzen ditu, Batzar Orokorraren xedapenekin bat.

2. Zuzendaritza Batzordea honako hauek osatuko dute zehazki:

– Lehendakaria.

– Idazkaria.

– Lehendakariordea.

– Diruzaina.

– Guttienez 3 bokal eta 10 gehienez.

3. Batzar Orokorrak hautatuko ditu, sufragio libre eta sekretu bidez, Zuzendaritza Batzordeko kideak.

Hautagai izateko nahitaezkoa izanen da bazkideak adinez nagusiak izatea, eskubide zibil guztien jabe, eta indarra duen legerian ezarritako bateraezintasunik gabe.

4. Zuzendaritza Batzordeko kideek dohainik eginen dute lan.

18. artikulua. Zuzendaritza Batzordeko kideak ordezteko arau eta prozedurak.

1. Zuzendaritza Batzordeko kideen agintaldia 2 urtekoa izanen da, eta berriro hautatzen ahalko dituzte agintaldi hori bukatutakoan. 

2. Agintaldia amaitzean eta honako kasu hauetan utziko dute kargua:

a) Heriotzagatik edo dimisioagatik.

b) Bazkide izateari uzteagatik.

c) Sortutako bateraezintasunagatik.

d) Desgaitasun judizialagatik.

e) Bileretara behin eta berriz ez joateagatik, hartarako arrazoi justifikaturik izan gabe.

f) Betetzen duen karguari dagozkion eginkizunak ez betetzeagatik.

g) Behar bezala arrazoitutako edozein arrazoirengatik. Batzar Orokorrak erabakiko ditu e), f) eta g) letretan kargua uzteko aurreikusitako arrazoiak.

3. Zuzendaritza Batzordeko karguetan izaten diren hutsuneak egiten den lehenbiziko Batzar Orokorrean beteko dira.

Dena dela, Zuzendaritza Batzordeak, kideen gehiengo osoz, bazkide bat hautatzen ahalko du kargu hutsa behin-behinekoz bete dezan, Batzar Orokorrak hurrengo bilera egin arte.

4. Zuzendaritza Batzordeko lehendakaria ez badago edo gaixorik bada, lehendakariordeak ordeztuko du, halakorik bada, edo bertzela, batzordekide zaharrenak. Idazkaria ez badago edo gaixorik bada, batzordekide gazteena izanen da haren ordezkoa.

Kasu horietan beretan, Zuzendaritza Batzordean eginkizun berariazkoak dituzten kideak bertze batzordekide batzuek ordeztuko dituzte, kideen gehiengo osoz hartutako erabakiaren bidez.

19. artikulua. Zuzendaritza Batzordearen bilerak, eraketa eta erabakiak.

1. Zuzendaritza Batzordea hiruhilean behin bilduko da gutxienez, bai eta Elkarteak behar bezala funtzionatzeko behar duen bertze hainbatetan ere, lehendakariak deituta, bere erabakiz edo kideetako herenaren ekimenez, gutxienez ere 48 ordu lehenago.

2. Ezin izanen da erabakirik hartu gai-zerrendan ageri ez den deusi buruz, salbu eta, Zuzendaritza Batzordeko kide guztiak bertan egonda, aho batez hala erabakitzen badute. 

3. Zuzendaritza Batzordea kideen erdiak baino gehiago daudenean geldituko da behar bezala eratuta (lehendakaria eta idazkaria barne, edo, bertzela, haien ordezkoak).

4. Zuzendaritza Batzordeko kideek bilera guztietara agertu beharko dute, ez agertzeko bidezko arrazoiak dituztenean izan ezik. 

5. Zuzendaritza Batzordeko erabakiak baliozkoak izateko, bertaratutako kideen gehiengoak hartu beharko ditu. Berdinketetan, lehendakariaren botoa kalitatekoa izanen da.

6. Zuzendaritza Batzordeko erabakiak akten liburuan jasoko dira, eta lehendakariaren eta idazkariaren sinadura beharko da. Bilera bakoitzaren hasieran, aurreko bilkurako akta irakurriko da, hura onetsi edo zuzentzeko, bidezkoa zer den.

20. artikulua. Zuzendaritza Batzordearen eginkizunak.

Hona hemen Zuzendaritza Batzordearen ahalmenak:

a) Elkartearen ordezkaritza izatea eta erabiltzea; elkartea zuzendu eta administratzea, legeak aitorturiko modurik zabalenean, eta Batzar Orokorrak hartutako erabakiak betetzea, Batzar Orokorrak ezartzen dituen arau, agindu eta jarraibide orokorrekin bat.

b) Erakunde publikoen aurrean agertzeko beharrezko erabakiak hartzea, legezko ekintza guztiak egiteko eta behar diren errekurtsoak jartzeko.

c) Kide berriak onartu ala ez erabakitzea, eta bazkide guztien zerrenda eguneratua izatea.

d) Batzar Orokorrari elkarteko kideek ordaindu beharreko kuotak eta egin beharreko diru-ekarpenak proposatzea.

e) Batzar Orokorretarako deia egitea, eta horietan hartutako erabakiak betetzen direla kontrolatzea. Bereziki, eta estatutuak aldatzeari buruzko erabakiei dagokienez, Elkarteen Erregistroari jakinaraziko zaio aldaketaren edukia, horretarako deitutako Batzar Orokorra egin eta hilabeteko epean.

f) Batzar Orokorrari ekitaldi bakoitzeko kontuen egoera eta balantzea aurkeztea, onets ditzan, eta hurrengo ekitaldirako aurrekontuak egitea.

g) Arau berariazkoen araberako kontabilitatea eramatea, entitatearen ondarearen, emaitza ekonomikoaren eta finantza-egoeraren benetako irudia izateko balio duena.

h) Elkartearen ondasunen inbentarioa egitea.

i) Urteko jardueren memoria egitea eta Batzar Orokorrari aurkeztea, onets dezan.

j) Behin-behinekoz ebaztea estatutu hauetan aurreikusi gabeko edozein kasu, eta horren berri ematea hurrengo Batzar Orokorrean.

k) Bazkideek egindako proposamen, kexa eta eskaerei erantzutea.

l) Ahaldunak izendatzea, komenigarri irizten zaionean.

m) Bertze edozein ahalmen, estatutu hauetan Batzar Orokorrari berariaz esleitu gabekoa.

21. artikulua. Lehendakariaren eginkizunak.

Hona hemen lehendakariaren eginkizunak:

a) Elkartearen ordezkaritza legala, judiziala edo estrajudiziala izatea.

b) Batzar Orokorraren eta Zuzendaritza Batzordearen bileretarako deia egin, gai-zerrenda finkatu, eztabaidak moderatu eta bilerei bukaera ematea.

c) Elkartearen funtsak erabiltzeko baimena ematea bere sinaduraren bidez, betiere diruzainaren sinadurarekin batera.

d) Idazkariak egindako aktei eta ziurtagiriei oniritzia ematea.

22. artikulua. Lehendakariordearen eginkizunak.

Hona hemen lehendakariordearen eginkizunak:

a) Lehendakariari laguntzea.

b) Lehendakariaren ordez jardutea, hura ez dagoenean edo eri denean.

23. artikulua. Idazkariaren eginkizunak.

Hona hemen idazkariaren eginkizunak:

a) Idazkari-lanak egitea Batzar Orokorretan eta Zuzendaritza Batzordearen bileretan.

b) Lehendakariari laguntzea.

c) Liburu ofizialak eta elkartearen gainerako dokumentazioa zaintzea eta horietaz arduratzea.

d) Bazkideekiko posta-harremanaz eta komunikazioaz arduratzea, baita bertze entitateekikoaz ere.

e) Elkarteko organoek hartutako erabakien ziurtagiriak egitea, lehendakariaren oniritziarekin.

f) Diruzaintzako eginkizunak bere gain hartzea, kargu hori Zuzendaritza Batzordean aurreikusita ez dagoenean.

24. artikulua. Diruzainaren eginkizunak.

Hona hemen diruzainaren eginkizunak:

a) Elkartearen funtsak zaindu eta kontuen liburuaz arduratzea.

b) Lehendakariarekin batera, funtsak erabiltzeko baimena ematea.

c) Balantzeak, aurrekontuak eta kontuen likidazioa prestatzea, Zuzendaritza Batzordeari proposatzeko eta, gero, Batzar Orokorrean onesteko.

d) Elkartearen ondasunen inbentarioa egitea eta eguneraturik izatea.

IV. KAPITULUA. ARAUBIDE EKONOMIKOA

25. artikulua. Araubide ekonomikoa

Elkartea 0 euroko ondarearekin eratu zen.

26. artikulua. Baliabide ekonomikoak.

Bere xedeak eskuratzeko, elkarteak bitarteko ekonomiko hauek ditu:

a) Bazkideen kuotak eta diru-ekarpenak.

b) Jasotzen dituen diru-laguntzak eta bertzelako laguntzak.

c) Dohaintzak, jaraunspenak eta legatuak.

d) Ondareak sorrarazitako errentak.

e) Bere jarduera ekonomikoen etekina.

f) Bertze edozein diru-sarrera zilegi.

27. artikulua. Ekitaldi ekonomikoa.

Honako egun honetan itxiko da ekitaldi ekonomikoa: abenduaren 31.

V. KAPITULUA. LIBURUAK ETA DOKUMENTAZIOA.

28. artikulua. Nahitaezko dokumentazioa.

1. Elkarteak dokumentazioaren gaineko betebehar hauek izanen ditu:

a) Bazkideen zerrenda eguneratua izanen du.

b) Arau berariazkoen araberako kontabilitatea eramanen du, entitatearen ondarearen, emaitza ekonomikoaren eta finantza-egoeraren, eta egindako jardueren benetako irudia izateko balioko duena.

c) Ondasunen inbentarioa eginen du.

d) Liburu batean bilduko ditu gobernu eta ordezkaritza organoek egindako bileren aktak.

2. Elkarteko organoek egindako bileren aktek honako hauek jasoko dituzte: deliberazioen laburpena, hartutako erabakien testua eta bozketen emaitza zenbakitan.

29. artikulua. Dokumentazioa bazkideen eskura.

Bazkideek eskura izanen dute aurreko artikuluan aipatzen den dokumentazioa, Zuzendaritza Batzordearen bidez, betiere Datu Pertsonalak Babesteari buruz indarrean dagoen araudiari jarraikiz.

VI. KAPITULUA. DESEGITEA ETA LIKIDAZIOA

30. artikulua. Desegitea.

Elkartea honako kasu hauetan deseginen da:

a) Bazkideek Batzar Orokorrean hala erabakitzen dutenean.

b) Kode Zibilaren 39. artikuluan ezarritako arrazoiengatik.

c) Epai judizial irmoagatik.

d) Estatutuetan ezartzen diren arrazoiengatik.

e) Elkartea zer epetarako eratu zen, hura amaitzean.

f) Elkartearen xedeak betetzeko ezintasunagatik.

31. artikulua. Likidazioa.

1. Elkartea desegitearekin batera, likidazio epe bat irekiko da; epe horretan, Zuzendaritza Batzordea Batzorde Likidatzaile bilakatuko da, ez badu Batzar Orokorrak eginkizun hori uzten berariaz eratutako Batzorde Likidatzaile baten esku.

2. Edonola ere, Batzorde Likidatzaileak martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 18. artikuluaren 3. eta 4. idatz-zatietan ezarritako eskumenak izanen ditu.

3. Zorrak kitatu ondoren, gerakinik izanez gero, gerakin hori erabiliko da entitatearen irabazi-asmorik gabeko izaerarekin bat datozen xedeetarako, honako honetarako zehazki: Lesakako Andra Mari Zahar Etxerako.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Estatutuez eta elkarteko gobernu zein ordezkaritza organoek hartutako erabaki baliozkoez gain, subsidiarioki eta estatutu hauetan aurreikusten ez den guztian, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoa eta hura garatzen duten gainerako xedapenak aplikatuko dira.

Sinadurak: