Beti-Gaztek “Elias Garralda” IX. Margo Azkarreko Lehiaketa ospatuko du hurrengo ekainaren 5ean. Ohiko lehiaketaz gain, egun berberean, Haur Margolarien Eguna ere antolatu du goizeko 11etatik aintzinera.

Lehiaketan parte hartzeko oinarriak hauek izango dira:

1.- Lehiaketa 2022ko ekainaren 5ean izanen da, Lesakan.

2.- Parte-hartzaileak: Edozeinek har dezake parte.

3.- Gaia: “LESAKAKO HIRIGUNEA”. Tomasenekobordako errotondatik Matxiteneraino. Igantziko karreteran Ote kaleko bukaeraraino. Erabili daiteke edozein teknika eta korronte estetiko.

4.- Koadroaren alde luzeenak ezin izanen du metro bat baino gehiago neurtu. Alde laburrenak gutienez metro erdia izanen du.

5.- Parte-hartzaile guziek margotzeko materiala ekarriko dute. Hala ere, bakoitzari 20€ emanen zaizkio gastuei aurre egiteko. Diru hori obra aurkeztean emanen zaie. Debekaturik dago argazki-kamerarik erabiltzea margolanak burutzeko.

6.- Inskripzioa eta mihiseen zigiladura: Beti Gazte elkartearen egoitzan, Beheko Plaza 9, eginen da, goizeko 8:30etik 10:00etara.

7.- Lanen aurkezpena: Beti Gazte Elkarteko egoitzan, 13:30etik 14:00etara. Eginiko lanak saldu nahi dituztenek prezioa finkatu beharko dute aurkezten duten unean. Margolari bakoitzak margolan bakarra aurkeztu dezake lehiaketan.

8.- Nahi duten margolariei bazkaria emanen zaie. Lehiaketa egunean bertan adieraziko zaie lekua. Parte-hartzaileen laguntzaileak bazkaria ordaindu beharko dute.

9.- Epaimahaia. Antolakuntzak izendaturiko epaimahaiak aukeratuko ditu lanik hoberenak eta haren erabakia apelaezina izanen da.

10.- Epaimahaiaren emaitzak arratsaldeko 6etan emanen dira ezagutzera eta aurkezturiko lanekin erakusketa bat eginen da ordu hori arte. Lehen saria lortzen duen obra antolakuntzaren esku geratuko da.

11.- Sariak:

1. saria: 700 €
2. saria: 350 €
Herriko margolarien artean obrarik hoberena: 150 €

12.- Parte-hartzaileek baimena ematen diote antolakuntzari aurkezturiko lanen irudiak erabiltzeko.

13.- Lehiaketa honetan parte hartzeak berarekin dakar oinarri guziak onartzea.

Oharra: Antolakuntza arduratuko da ikusgai jarritako margolanak arretaz zaintzeaz, baina ez du erantzukizunik hartuko gerta litezkeen kalteen gainean.

Haur Margolarien Egunaren oinarriak

1.- Nahi duten haur guztiek har dezakete parte.

2.- Lehiaketa ekainaren 5ean, igandea, izanen da Lesakan.

3.- Hiru maila izanen dira: A maila, 2014-2015an jaioak; B maila, 2012-2013an jaioak; eta C maila, 2010-2011ean jaioak.

4.- Parte-hartzaile guztiek margotzeko materiala ekarri beharko dute. Antolakuntzak margotzeko taula emanen die.

5.- Maila bakoitzean margorik hoberenek saria izanen dute.

6.- Inskripzioa lehiaketaren egun berean eginen da Beti Gazteren egoitzan.

7.- Margolanen gaia “Lesaka” izanen da.

8.- Lehiaketa 11:00etan hasiko da eta 13:00etan bukatu.