Lesakako Beti Gazte elkarteak urteko batzarra egin zuen martxoaren 6an. Urte honetarako 227.020 euroko aurrekontua aho batez onartu zuten batzarrera hurbildu ziren 48 bazkideek, iazkoa baino 18.400 euro handiagoa den aurrekontua. Ohiko ekintzekin segituko dute aurten ere. Kirol fitxei dagokienez, futbolean 215, mendian 286, txirrindularitzan 62 eta  sokatiran 28 ditu Beti Gaztek eta, kultur arloan, lerro dantzan 47 lagun biltzen dira, irakurle taldean 29, Beti Gazte kantarin 30, mutxiko taldean 17 eta joskintzan 42.

2025ko abenduaren 31n 1.596 bazkide zituen Beti Gaztek, inoizko kopururik handiena (urtebete lehenago baino bortz gehiago).

Bazkideek ordaindu beharreko kuotetan ez da aldaketarik izanen, ezta zuzendaritza batzordean ere. Ander Abuinek segitzen du lehendakari lanean; Nora Eneterreaga lehendakariordea eta instalazio eta material arduraduna; Xabier Iribarren eta Alberto Muruzabal idazkaritzan; Idoia Sunsundegi diruzaintzan; Argiñe Ordoki kirol koordinazioan; Alaia Alzugarai kultur koordinazioan eta Paola Oskoz da komunikazio arduraduna.

Batzarrean eskerrak eman zitzaizkien boluntario lanetan aritzen direnei (urtean zehar, egunero, futbolean eta kultur taldeetan, eta ekitaldi guztietan ere hainbat lanetan aritzen direnei) eta, aldi berean, boluntarioak faltan direla eta jendea animatzeko deia egin zuten.